home
cas eus

Soinu Atadia Fundazioaren Estatutuak

I. KAPITULUA: ZERBITZUKO FUNDAZIO PUBLIKOA

ESKUMENA

1. artikulua.- 1. Leioako Udalak, bere eskumeneko gaia denez eta Toki Araubidean indarrean dagoen legeriari jarraituz, Zerbitzuko Fundazio Publikoa sortzea erabaki du; horrek musikari buruzko ardurak izango ditu udalerri honen eremuan.
2. Erakundearen izen ofiziala "SOINU-ATADIA FUNDAZIOA" izango da.
3. Hala eskatzen duen beste edozein erakunde publikorekin lankidetzan aritu ahal izango da.


NORTASUN JURIDIKOA ETA EGOITZA

2. artikulua.- Erakundea Zerbitzuko Fundazio Publiko gisa eratu da legez; berezko nortasun juridikoa du, bai eta legezko eta jarduteko gaitasun osoa ere.
Fundazioaren egoitza Leioako Udaletxean bertan egongo da.

XEDEA

3. artikulua.- Honakoak izango dira fundazioaren helburuak:
a) Leioako udal-mugartean Musika Kultura sustatu eta bultzatzea eta, bereziki, Udalaren Musika Akademia mantentzea edo, hala badagokio, Udalaren Musika Kontserbatorioa.
b) Musika arloko beste erakunde batzuekin elkarlanean aritzea, musika-zaletasuna garatzeko eta musika hedatzeko.
c) Aurki daitezkeen musika-balioak lantzea; horiek moral eta material bitartez babestuko dira, unean uneko aukeren arabera.
d) Musika-taldeak edo abesbatzak sortzea edo horiei laguntza ematea, xede orokorraren alorrean adierazitakoarekin zerikusia duen lanen bat egitera badoaz.
e) Fundazioari egotzitako egitekoaren onerako izan daitezkeen kontzertu, hitzaldi, argitalpen eta gainerako jarduera guztiak antolatzea.



II. KAPITULUA: GOBERNU ETA ADMINISTRAZIO ORGANOAK

OSAERA

4. artikulua.- Fundazioaren gobernu eta administrazioa Batza Artezkariaren eskumena izango dira, bertako Buruari egotzitako eskumenei kalterik egin gabe.

5. artikulua.- Batza artezkaria honako hauek osatuko dute:
• Egitatezko Burua:
o Leioako Udaleko Alkatea. Batza artezkariaren bilera egiten denean beste zinegotzi bati eskuordetu ahal izango dio ardura hori; horrelakorik gertatuz gero, Izatezko Burua izango litzateke bileraren burua.
• Izatezko Burua:
o Egitatezko Buruak hautatuko du Batzako Mahaikideen artean.
• Mahaikideak:
o Udalbatza osatzen duten alderdi politiko bakoitzeko kide bat. Bera ordezkari den taldeak izendatu beharko du eta haztatutako botoa eman ahal izango du, bere taldeak Udalean duen ordezkari kopurua oinarritzat hartuta.
o Udalak izendatutako hiru pertsona; fundazioan duten betebeharra betetzeko behar den musika arloko trebakuntza izan beharko dute. Hiru mahaikide horietako bakoitzak boto bat emateko eskubidea izango du.
• Idazkaria:
o Udaleko Idazkaria izango da edo bestela betebehar hori betetzeko egokia den hark eskuordetutako funtzionarioren bat.
• Kontuhartzailea:
o Kontuhartzailearen lanpostuan Udaleko Kontuhartzailea arituko da edo bestela, betebehar hori betetzeko egokia den hark eskuordetutako funtzionarioren bat.

6. artikulua.- Izatezko Burua Batza Artezkariaren bilkuretara joanez gero, Izatezko Buruak batzako mahaikide gisa jardungo du .

7. artikulua.- Kide guztiek beren eskumenekin jarraituko dute, aukeratu izan direneko ordezkaritza edo egitekoak irauten duen bitartean.

8. artikulua.- Buru eta Mahaikide karguak ohorezkoak eta doakoak dira; hala ere, dietak eta mugitzeagatiko gastuen ordainsariak jasotzeko eskubidea izango dute, Fundazioaren kontura, bai eta Batza Artezkariak legez erabaki lezakeen beste edozein kopuru ere.

9. artikulua.- Uko, gaixotasun, heriotza, uzte edo beste edozein inguruabarrengatik geratzen diren lanpostu hutsak berehala jakinaraziko zaizkie Udalbatzari, erabaki egokia har dezan.


ESKUMENA

10. artikulua.- Batza Artezkariak honako egiteko hauek izango ditu:
a) Barne araubideko arauak eta zerbitzu araudiak onestea, legezko manuen arabera, eta horiek Udalari bihurtzea, behin betiko irizpena eman dezan.

b) Zerbitzuari atxikitako ondasunak erabiltzea, eta horiek hobetu, mantendu eta konpontzeko beharrezko lanak egitea.
c) Dohainik eskuratzea, eskuratzeak kostu bidezko baldintza edo modalitateren bat erantsita duenean izan ezik; horrelakoetan, Udalaren onespena beharko du.
d) Hornikuntza-kontratuaren edo merkataritzako salerosketa eragiketen bitartez, material suntsigarria, tresnak, lanabesak eta zerbitzua garatzeko eta instalazioak behar bezala mantentzeko gainerako ondasunak eskuratzea.
e) Ondasun higigarri guztiak eskuratu, jarri eta trukatzeari buruzko negozio juridiko guztiak ematea eta erabili ezin diren gauzak, soberakinak, hondakinak, baztertutakoak edo antzerakoak zuzenean besterentzea.
f) Zerbitzuari lotutako ondasunen aprobetxamenduengatiko emakidak ematea; horiek burutu ahal izateko, aurretiaz udalak onetsi beharko ditu, Ondasunei buruzko Araudien arabera.
g) Zerbitzuaren araubide eta administrazioko egite berezietarako, ordezkaritza eta eskuordetzeak ematea.
h) Zerbitzuaren urteko aurrekontu berezia egitea, horretarako dauden jarraibideen arabera, Udalbatzak onetsita.
i) Zerbitzuari lotutako langileen plantilak eratu eta onestea, egitekoak finkatuz; halaber, izendapenak, zuzenketak, sariak eta bereizketak egitea. Horien kontratu-lotura lan izaerakoa izango da baina, hala ere, zerbitzuak alokatzeko kontratuak hitzartu edo edozein izaerako erakundeekin hitzarmenak egin ahal izango dira, langile zehatzen zerbitzuak emateko.
j) Era guztietako ekintzak burutzea, Fundazioaren legezko gaitasunaren ondorioz; hori Estatutu hauetako 2. artikuluan dago ezarrita.
k) Inbentarioa eratzea eta eguneratuta izatea, urtero zuzenduz.
l) Urtero, Batza Artezkariko Buruari eta Mahaikideei emango zaizkien dieten, mugitzeko gastuen eta beste kopuru batzuen zenbatekoak finkatzea, Fundazioaren ordainsaririk jasotzen ez badute.
m) Fundazioa behar bezala ibiltzeko eta bere helburuak betetzeko burutu behar diren gainerako eskumen guztiak burutzea.
n) Buruari hondakin-eskumen gisa egotzi ez zaizkion gainerako eskumen guztiak.

BILEREN ARAUBIDEA

11. artikulua.- 1. Batza Artezkariak hiru hilean behin egingo du ohiko bilera.
2. Fundazioko Buruak beharrezkotzat jotzen duenean edo hitza eta botoa duten kideen erdiak baino gehiagok horrela eskatzen duenean, egingo da aparteko bilera.

12. artikulua.- Ohiko eta aparteko bileren deialdia Buruak hala agintzen duenean egingo da; gutxienez hogeita lau ordu lehenago egin beharko du deialdia eta, horrekin batera, eguneko aztergai-zerrenda eman beharko du; bertan, bileran aztertuko diren gaiak zehaztuko dira.

13. artikulua.- 1. 1. Bilerak lehen deialdian egingo dira; botoa emateko eskubidea duten ordezkarien erdia gutxienez, bileran baldin badago; bigarren deialdia iragarritakoa baino ordu bete beranduago egingo da eta bilera egin ahal izateko, botoa emateko eskubidea dutenen herena gutxienez ordezkatuta egon beharko da bileran.
2. Erabakiak gehiengoz hartuko dira eta berdinketa egonez gero, Buruak erabaki beharko du, haren kalitatezko botoaren bidez.
3. Aztergai-zerrendan agertzen ez diren gaiak aurretiaz premiazkoak direla adierazi ondoren baino ezin izango dira aztertu. Premiazkoak direla adierazteko botoen gehiengoa aldekoa izan beharko da.

14. artikulua.- Burua egon ezean, Mahaikide zaharrena izango da batzarburua.
Nolanahi ere, bilerak balioz egin ahal izateko, beharrezkoa izango da Idazkaria edo berau legez ordezten duena bertan egotea.

15. artikulua.- 1. Bilera guztien akta egingo da; bertan, Batza Artezkariaren erabakiak, bilera non eta noiz egin den (eguna eta bilera hasteko eta amaitzeko ordua), Buruaren eta bertaratu diren Mahaikideen izen-abizenak eta, halakorik egotekotan, Batzako kide ez diren baina bertaratu diren gainerakoen izen-abizenak, eztabaidatzeko jarri diren gaiak eta, labur bada ere, bakoitzak emandako iritziak agertu beharko dira.

2. Aktak Buruaren eta Idazkariaren sinaduren bitartez baimenduko dira eta, ondoren, behar bezala artxibatu.

16. artikulua.- 1. Batza Artezkariaren bozketak ohikoak, izendunak edo isilekoak izango dira; kasu bakoitzean zilegi den bozketa mota zehaztuko da, Toki Araubideari buruzko legeetan ezarritakoaren arabera.

2. Buruak eta Mahaikideek ezin izango dute parte hartu zuzeneko interesa duten edo beren senitartekoei (3. mailara artekoei) eragiten dieten gaiei buruzko deliberamenduetan.
3. Horrelakoetan, interesdunak bileratik irten beharko du, gaia eztabaidatu eta bozkatu bitartean.

BURUA

17. artikulua.- Leioako Udaleko alkate jauna izango da Batza Artezkariko Egitatezko Burua eta, ondorioz, bere isileko eskuordetzearen bitartez, honako egiteko hauek izango ditu Izatezko Buruak:
a) Batzaren bileretarako deialdiak egin, bertako buru izan eta bilerei amaiera ematea, deliberamenduak zuzentzea eta, kalitatezko botoaren bitartez, berdinketak erabakitzea.

b) Edozein Epaitegi, Auzitegi, Agintari, Korporazio edo Erakunderen aurrean Fundazioaren ordezkaritza izatea.
c) Zerbitzuaren ikuskaritza eta zuzendaritza nagusia burutzea.
d) Erabakiak burutzeko beharrezko xedapenak ematea.
e) Ordainketak agintzea, Zerbitzuaren Aurrekontuan ezarritako muga eta baldintzei jarraituz.
f) Fundazioarentzako beharrezkoak diren ekintza eta agiri guztiak sinatzea.
g) Premiazkoak izatekotan, ekintzak gauzatzea eta Batza Artezkariaren hurrengo bileran horien berri ematea.
h) Premiazko neurriak hartzea, beren larritasunak hala gomendatzen duenean eta inguruabar horietan Batzaren deialdia egitea ezinezkoa denean.
i) Batzak ematen dion beste edozein egiteko.

j) Batza Artezkariaren erabakiak burutzeari amaiera ematea, Legeak, Araudiak, Ordenantzak eta Udal Xedapenak edo zerbitzu hau eraentzen duten beste edozein arau nabarmen urratzen dituztenean edo bere eskumenekoak ez diren gaiei dagozkienean.

Etetearen dekretua hiru eguneko epean egin beharko da, erabakia jakinarazi eta biharamunetik aurrera zenbatuta; berehala emango zaio horren eta aurrekarien berri udalaren osoko bilkurari eta azken horrek, izaera irmoz eta behin betiko berretsi edo ezeztatuko du.

IDAZKARIA
18. artikulua.- Honakoak izango dira Idazkariaren egitekoak:
a) Batza Artezkariaren bileretara joatea, hitzarekin baina botorik gabe.
b) Buruak deialdi bakoitzeko eguneko aztergai-zerrenda eratzeko beharko dituen gaiak prestatzea.
c) Bileretako aktak idaztea eta, horiek onetsitakoan, aktak artxibatzeko ardura izatea.
d) Batza Artezkariari eta Buruari aholkuak ematea, Udalaren zerbitzu eskudunekin lankidetzan.

KONTUHARTZAILEA

19. artikulua.- Honakoak izango dira Kontuhartzailearen egitekoak:
a) Aurrekontuaren aurreproiektu orokorra eratzea eta, Idazkariarekin batera, Proiektua idazterakoan Batza Artezkaria laguntzea.
b) Fundazioaren kontuak prestatu eta idaztea, bai eta Inbentarioa eratu eta eguneratzeko beharrezko ekintzak egitea.

c) Sarrera eta Ordainketa eragiketak kontrolatzea, eta Kontabilitatea ikuskatzea.
d) Horretarako deialdia jaso badu, Batza Artezkariaren batzarretara joatea, hitzarekin baina botorik gabe, bere eskumeneko gaietan aholkularitza emateko.

III. KAPITULUA: ZERBITZUAREN OGASUNA

ONDAREA

20. artikulua.- Honako hauek eratuko dute Fundazioaren ondarea:
a) Estatutuko helburuak bideratu eta lortzeko behar diren ondasun erabilgarriak.

b) Fundazioaren lanerako eta sozietatearen egoitzarako behar diren altzariak eta berezko tresnak.

21. artikulua.- Fundazioaren ondasun guztia Leioako udalarena bakarrik izango da.

FUNDAZIOAREN BALIABIDEAK

22. artikulua.- Honako hauek izango dira "SOINU-ATADIA" Fundazioaren baliabide ekonomikoak:
a) Fundazioaren Ondarearen produktu eta errentak.
b) Herri Erakundeek emandako diru-laguntzak.

c) Leioako udalak, bere aurrekontuen kontura, helburu horretarako erabiltzen dituen ekarpenak.
d) Pertsona fisiko zein juridikoek emandako dohain eta legatuak.
e) Zerbitzuak emateagatik eskuratutako kuota, tasa edo kanonak.
f) Eskuratu diren aurrerakin eta maileguen zenbatekoa.
g) Egotz dakiokeen beste edozein baliabide.

23. artikulua.- Urte bakoitzeko urtarrilean, Fundazioaren Ondarearen zuzenketa Batza Artezkariak onesteko jarriko da, aurreko urteko abenduaren 31ri dagokionez.


AURREKONTUAK

24. artikulua.- Fundazioak, Udalarenarekin bat datorren ekitaldi ekonomiko bakoitzerako, Aurrekontu Berezia egingo du; bertan, aurreikusi diren ohiko Sarrera eta Gastuak adierazi beharko dira.

25. artikulua.- 1. Gastuen Orrian zerbitzua behar bezala mantentzeko aurreikusitako gastuak adieraziko dira: bere helburuak eskuratzeko ondasun eta gauzak, materialak eta beharrezko elementuak erosi eta ordeztea; langileen soldata eta sariak; zerbitzua ezartzeko hartutako maileguen interes eta amortizazioak eta, oro har, plan eta programetan aurreikusi diren gainerako guztiak.

2. Sarreren Orrian, besteak beste, 22. artikuluan adierazitakoak adieraziko dira.

26. artikulua.- Batza Artezkariak Aurrekontu Bereziaren proiektua onetsitakoan, udalaren osoko bilkurari bihurtuko zaio, behin betiko onets dezan.


KONTABILITATEA

27. artikulua.- Kontabilitate sistema Leioako Udalak horretarako onetsi dituen jarraibideei egokituko zaie.

KONTUAK

28. artikulua.- Ekitaldi bakoitzeko lehenengo hiru hilabeteetan, eta aurretik azaldutakoari dagokionez, Batza Artezkariak Udalari bihurtuko dizkio berak onetsitako jarraibideen arabera eska daitezkeen kontuak, bai eta Fundazioaren jarduera guztiak biltzen dituen Memoria ere.


IV. KAPITULUA: ARAUBIDE JURIDIKOA

ERREKURTSOAK ETA ESTATUTUEN ALDAKETA

29. artikulua- Batza Artezkariaren erabakien aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da; horretarako epea hilabete batekoa izanik. Horren ebazpenaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtso egokia ipini ahal izango da, hori guztia indarrean dagoen legeriaren arabera, beharrezkoak diren izapideei kalterik egin gabe, Jurisdikzio Arruntaren eskumen diren egintzak gauzatzerakoan.

30. artikulua- Udalak aldarazi ahal izango ditu estatutu hauek, aldaketak onesteko egin behar diren legezko izapideak burutu ondoren.

V. KAPITULUA: BABESAREN ARAUBIDEA

31. artikulua - Leioako Udalari dagokion eginkizun gorena, hau da, zerbitzua zuzendu eta babesteko eginkizuna gauzatzearren, Fundazioko gobernu eta administrazio organo guztiek kudeaketa hutseko izaera gaindituko duten eta estatutu hauen arabera, organo horiena bakarrik den eskumenari, berariaz, egotzitakoen artean ez dauden gaien berri eman beharko diote Udalbatzari nahitaez.


VI. KAPITULUA: FUNDAZIOAREN IRAUPENA


32. artikulua - 1. SOINU ATADIA FUNDAZIOA eperik gabe eratu da, eta Udalaren osoko bilkurak erabakita baino ezin izango da desegin Fundazioa, Zerbitzuei buruzko Araudiaren 30. artikuluak ematen dizkion eskumenak erabilita.

2. Fundazioa deseginez gero, Leioako Udala izango da haren oinordeko orokorra.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

LEHENENGOA.- Ordainsaria jasotzen duten Fundazioko langileek ez dute inola ere edukiko Leioako Udaleko funtzionarioen egoera, indarrean dagoen Tokiko Araubideari buruzko Legearen 180. artikuluan xedatutakoaren arabera.

BIGARRENA.- Honako estatutu hauetan aurreikusita ez dagoenari dagokionez, indarrean dagoen 1955eko ekainaren 24ko Tokiko Araubideari buruzko Legean, 1955eko ekainaren 17ko Tokiko Erakundeetako Zerbitzuei buruzko Araudian, 80. artikulutik 85.era arteko artikuluetan bereziki, biak barne, eta horiek garatu eta osatzen dituzten arauetan xedatutakoa oinarritzat hartuko da.

HIRUGARRENA.- Zinegotzi mahaikideak Udalean ordezkaturik dauden Talde Politikoek izendatuko dituzte. Udalaren osoko bilkurari proposatutako hautagaien berri emango zaio hark haien izendapena jakinarazi dezan.

LAUGARRENA.- Batza Artezkariak egingo dituen bileretan egon ahal izango dira Udaleko zinegotziak, hala nahi izanez gero, eta hitz egiteko eskubidea izango dute, baina ez bozkatzeko eskubiderik. Horrela, ez dute bileretara joateko deialdirik jaso behar eta haiek bertaratzeak zein ez, ez du inolako ondorerik izango quorumaren zenbaketan.

XEDAPEN IRAGANKORRA

BAKARRA.- Udaleko kontuhartzailearen lanpostua hutsik egon artean, horrek Fundazioan dituen eginkizunak Idazkariak edo Idazkariak eskuordetuko duen funtzionarioak beteko ditu.

EGINBIDEA.- Idazkari naizen honek egingo du hau, Udalaren osoko bilkurak mila bederatziehun eta laurogeita lauko otsailaren bian egindako bileran honako estatutu hauek onetsi zituela jasota gera dadin.

DILIGENTZIA BERRIA: Nik, idazkariak, egiten dut, aurretik agertutako testuaren 5., 11., eta 13. artikuluak eta Hirugarren Xedapen Gehigarria Udalaren Osoko Bilkurak 2003ko uztailaren 24ko bileran onetsi zuen idazkuntzaren arabera txertatu direla azaltzeko. Idazkuntza berria 2003ko urriaren 30eko 208 zenbakiko BAOn argitaratu zen.